XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azido nukleikoak
- tRNA eta rRNA motetako molekula desberdinen sekuentzi aldaketek bizidunen filogeniari buruz eman dezaketen informazioa dela eta, nahiko ikertuak izan dira.

Hemen aipatu besterik ez ditugu egingo.

rRNA: 16S (18S eukariotetan) rRNA izan da ikertuena eta bertatik zera ondorioztatu ahal izan da: arkeobakterioei dagokien taldea ez dirudiela eubakterioekin eukariotekin baino erlazionatuagoa dagoenik.

Beraz, emaitza honen arauera, arkeobakterioak fenotipikoki, hau da, itxuraz, nabarmenki bakterianoak izan arren, ez dirudi eubakterioekin ahaidetasun filogenetiko espezifikorik dutenik.

tRNA: RNA-mota honetan base aldatuak nahiko ugari agertzen dira, aldaketa-eredua bizidun talde nagusietan desberdina dalarik.

Arkeobakterioek, eukariotei eta eubakterioei dagozkien aldaketa-ereduetatik desberdintzen den eredua erakusten dute.

1983.go ekainera arte gene-materialaren (DNA-ren) antolakuntzan eukarioten eta prokarioten artean oinarrizko desberdintasuna zegoela pentsatzen zen; izan ere, lehenek gene zatikatuak erakusten zituzten heinean, bigarrenek gene jarraiak bait zeuzkaten.

Hilabete horretan argitaratu zenez, termoazidofiloen taldeko Sulfolobus solfataricus deritzon arkeobakterioaren Serinari eta Leuzinari dagozkien tRNA-ek intronak omen dauzkate (3. Irudia) eta, halaber, 3' muturreko CCA hirukote aminoazido-hartzailea ez da kodeturik agertzen.

Ezaugarri bi hauek eukariotei dagozkienez, arazo hauetan arkeobakterio hauek eukariotengandik eubakterioengandik baino filogenetikoki gertuago egongo lirateke.

Bestalde, arkeobakterioetan proteinen sintesia hasten duen tRNA ez da formil-Metioninaz (fMet) kargatzen Metioninaz baino, ezaugarri honetan ere eukariotekin bat datozelarik.

tRNA hasle horren sekuentziak ikertu dira eta datuek berriz erakutsi dutenez, arkeobakterioak eubakterioengandik nabariki desberdintzen diren oso prokariota bereziak dira.

Are gehiago, talde honetako Sulfolobus acidocaldarius deritzonaren tRNA hasleak Saccharomyces cerevisiae deritzon legamia eukariotikoaren tRNA haslearekiko %82-ko sekuentzi homologia du.

Escherichia coli eubakterio prokariotikoaren tRNA haslearekiko homologia, bestalde, %72-koa soilik da.

Aldiz, ikertu diren arkeobakterioen beste espezie biren (Haloccocus morrhuae eta Thermoplasma acidophilum alegia) tRNA hasleek ez dute erakusten eukarioten tRNA hasleekiko homologia berezirik.

Aurreko gaian, Eigen eta Winkler-Oswatischek egindako ikerketetan lorturiko gaur egungo tRNA-ei dagokien sekuentzia nagusia erakusten genuen.

Thermoplasma acidophilum deritzonaren tRNAMet-aren sekuentziarekin konparatuz, sekuentzia bien arteko homologia begi bistan geratzen da, bera Thermoplasmaren aintzinakotasunaren adierazletzat har dezakegularik (4. Irudia).